XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez du beste arrazoirik behar motibazio integratiboa duenak giza talde horretakoekin harremanak izateko.

Motibazio instrumentala Bere onerako edo norberaren bideari jarraitzeko, lanpostua hobetzeko, ingurukoen estimu handiago bereganatzeko ikasten duenak du motibazio instrumentala (Shumman,1975,214.or.).

Honelako motibazio besterik ez duenak ez die jaramon handirik egiten bigarren hizkuntzako hiztunei eta bere helburuak notak lortzea, lanpostua hobetzea, lantegian maila handiagoa iristeko bigarren hizkuntzak nola lagunduko dion bakarrik hartuko du aintzakotzat.

Motibazio instrumentala darabilenak bigarren hizkuntzako hiztunekin hitzegitera joko du bere xedeak lortzeko; motibazio integratiboa duenak, aitzitik, elkarrekintzaren balioa estimatuko du.

Bereizkuntza hau Ikaskuntzaren Teoria Orokorrean barne eta kanpo motibazioen artean egiten denaren antzekoa da.

Begi bistakoa da motibazio biak elkarrekin ere egon daitekeela, ikaslegai gehienek bietatik izango dute zatiren bat.

Badirudi bi motibazio horietatik integratiboa dela indartsuena eta honek besteak baino sostengu finkoagoa emango diela bigarren hizkuntza ikasteko egin behar diren ahalegin luzeei.

Ikerketen emaitzek adierazten dute motibazio integratibo handiagoa duenak seguraski trebetasun handiagoa lortzen duela.

Harreman sozial gehiago nahiko ditu ikasle honek eta pozik egongo da beste taldearen hizkuntz adierazpenak bereganatzen dituenean.

Motibazio instrumentala duenak agian ikasteari utzi egingo dio, helburu jakin baterako aski dena ikasi bezain laster.

Krashen-ek (1981) dio balitekeela motibazio instrumentala dutenek bigarren hizkuntzatik behar-beharrezko dutena bakarrik bereganatzea.

Adibidez, iragarri daiteke komunikazioaren aldetik garrantzi handirik ez duten elementuak, baina sozialki balioa dutenak, morfologia, azentua eta horrelakoak, ez dituela ikasiko.

Motibazio instrumentalak mugitutako ikasleak ez du aurrera egingo bere behar sozialak beteta daudela ikusten duenean.

Dirudienez, probetxugarria da motibazio instrumentala elebitasunak balio instrumental handia duen egoeretan; hau da, bigarren hizkuntza menderatzeak etekinik ematen duenean eta hizkuntza hori askotan erabili behar den lekuetan, motibazio instrumentala izan daiteke ikaskuntzan arrakasta izango delako bermea.

Diglosi egoeran arrazoi instrumentalak direla eta ez da bigarren hizkuntza ikasi beharrik nabaritzen; bigarren hizkuntza ez bait dago bizitza administratiboan, kulturalean, komunikabideetan eta abar bestearen maila berean.

Bi hizkuntzak maila berean daudenean, jende askok ikusiko ditu agian bi hizkuntzak menderatzeak dakartzan abantaila benetakoak.

Motibazio instrumentala izan daiteke integratiboa baino indartsuagoa, batez ere hizkuntza arrotzen ikaskuntzan.

Ondorio horretaraxe iritsi ziren Gardner eta Lambert Filipinasetan ingeles-ikasleak aztertu zituztenean.

Beren testetan ikusi zuten, garbi ikusi ere, motibazio instrumentalari zegokiola arrakasta mailarik altuena.

Kasu honetan ingelesa nazioarteko hizkuntza gisa areago ikasten da hiztunen komunitatearekin zerikusia duen zerbait baino.

Horrelakoetan ez da harritzekoa jarrera integratiboak indar gutxiago izatea ikasteko arrazoi instrumentalek baino.